11/3/12

'Some like it hot' (1959) - Nobody's perfect!

Denboran zehar 'freskotasuna' mantendu duten pelikulen artean "Some like it hot" aurkitzen dugu. Telebistan programatuta ikusten dudan bakoitzean berriz ikusten saiatzen naiz, berriz disfrutatzen dut bere gag, elkarrizketa eta aktoreekin. Nahiz eta perfektutasun ezaren leloa defendatu, "Some like it hot" pelikula perfektutasunetik hurbil dago.

Billy Wilderrek jorratutako gaien artean mozorroarena dago, eta pelikula hau horren adierazle da. Hasieratik ezer ez da dirudiena. Adibidez, hileta kotxe bat tirokatzen dute, baina honetan ez dago hildakorik, alkohola baizik. Joe (Tony Curtis) eta Jerry (Jack Lemmon) hilketa baten lekuko izan dira, gangster talde bat segika dutela irtenbideren bat bilatu behar dute, emakumeez osatutako musika banda baten kide bihurtuko dira. Sugar (Marilyn Monroe) ezagutuko dute bertan eta biek hau konkistatzeko lehia hasiko dute. Baina esan bezala, ezer ez da dirudiena, ez ohikoa dena gertatuko da.

Adibidez, Joe aberatsez mozorrotuta Sugar konkistatzera doanean alderantzizkoa gertatzen da. Joe izango da seduzitutako pertsona, Sugar aldiz, seduktorea. Berdin gertatzen da Osgood eta Daphne/Jerryrekin. Maite dudan eszena bat tangoarena da, honetan muntaketa paraleloa ikusten dugu, batetik Joe eta Sugar ikusten ditugu Osgooden yatean musukatzen. Bestetik, Daphne eta Osgood tango bat dantzatzen. Azken hau da gehiago interesatzen zaidana, hasieran Jerryrentzat pentsaezina zen Osgoodekin eroso sentitzea, baina tangoaren eszenatik aurrera gauzak aldatuko dira: La comparsita behin eta berriro entzuten dugun bitartean, Daphnek hartzen du egoeraren kontrola, ondo pasatzen du, nolabait, bere papera sinesten du. Komikotasuna handia duen eszena dugu. (Bideoa)


Pelikula honetan oso garrantzitsuak dira elkarrizketak. Wilder eta Diamondek bazekiten esku artean zuten materiala oso ona zela, eta ez zuten onartuko ikusleak txisteren bat galtzea. Horregatik elementu ezberdinak erabiliko zituzten pausak markatzeko, jendeak barre egingo zuen uneak aurreikusten saiatu ziren, modu horretan ikusleak gidoiaren lerrorik edo hitzik galdu ez zezan. Badago hau praktikan jartzen duten eszena bat: Joe logelara heltzen da eta Daphne/Jerry ohean etzanda ikusten du, hau abesten dago, zoriontsu, maraka batzuk astinduz. Daphnek esaldi bakoitzaren amaieran marakak astinduko ditu, elkarrizketa pausatuz, eta aldi berean ikusleari barre egiteko "denbora" emanez. Elementu guztiek funtzio bat beteko dute beti. (Bideoa)


"Some like it hot" pelikularen amaiera guztiok ezagutzen dugu, amaiera oso ona du, borobila; askotan erabili dugun esaldi batekin ixten da pelikula. Billy Wilderrek beti pertsonai inperfektuak erakusten ditu, bizitza bera inperfektua delako, eta amaierako esaldiak hori defendatzen du. Azken lerroak bikainak dira.

Aste monografiko honi amaiera emateko pelikula ona dela iruditzen zait. Billy Wilderrek behin baino gehiagotan jorratutako gaiak eta honen pelikula gehienak komunean dituzten elementuak ikusten ditugulako: mozorroa, zuri beltza, ironia eta sarkasmoz betetako elkarrizketak, Jack Lemmonen presentzia...

Monografiko honetarako aukeratu ditudan pelikula guztiak asko gustatzeaz aparte, bakoitzak Billy Wilderren aspektu desberdin bat erakutsi eta honen estiloa definitzen dutela uste dut. Espero aste hau zuen interesa piztu izana. Akatsak egongo dira noski, baina... Nobody's perfect! (bideoa)


No hay comentarios:

Publicar un comentario