31/1/13

'Requiem for a dream' (2000) - Ametsen heriotza


'Requiem for a dream' pelikulak izugarrizko gorputz txarra utzi dit, oso gogorra iruditu zait. Darren Aronofskyk zuzendutako pelikulan, istorioaren protagonistek droga mendekotasuna dela eta infernuetarako jaitsiera ikaragarria bizitzen dute. Garesti ordainduko duten itzulerarik gabeko bidaia. 'Requiem for a dream' pelikula etsigarria da, zorabiatzen gaituena eta amaiera ikaragarria duena. Idealizatutako amets amerikarrari emandako jipoi galanta.

Pelikula gogor honen pertsonaiek ametsak eta helburu desberdinak dituzte, adibidez: Harryren (Jared Leto) ametsa Marionen (Jennifer Connely) ondoan bizitza igarotzea da, Marion da bere ametsa. Bikotekidea, Harryren lagun baten laguntzarekin, droga saltzen hasiko da; saldutakoarekin negozio propio bat irekitzeko diru nahiko bildu nahi dute. Hasieran droga salmenta ongi doa, irabazi ugari ematen dizkie baina laster dena pikutara joango da. Negozio bat irekitzeko adina diru ez dute lortzen, eta beharrezkoa duten diru hori lortzeko, edozer egiteko prest daudela erakutsiko dute. Ondoko kritikak spoilerrak ditu.




Beste alde batetik, Sara (Ellen Burstyn) dugu, Harryren ama. Sarak gustukoen duen telebista saioan aterako da. Hori dela eta, kamera aurrean ahalik eta ederren ageri nahi da. Sara dieta zorrotz bat egiten hasiko da eta pilula batzuekin osatuko du dieta. Urte askotan lehen aldiz, Sara zoriontsu sentitzen da, ingurukoen babesa eta maitasuna sentituko du. Sarak bi adizio garatuko ditu: bata pilulekiko menpekotasuna eta bestea telebistarekiko menpekotasuna. Pilulen kontsumoaren ondorioz, haluzinazioak izango ditu Sarak.

Darren Aronofskyrentzat "amerikar ametsa" ez da existitzen; lehenago ala beranduago, amets guztiak hiltzen dira. Protagonistak drogak uzteko intentziorik ez dute, adizioa kontrolaezina bihurtu da, pixkanaka hondoratzen doaz; are gehiago, euren helburuak ahaztu dituztela dirudi... Denbora igarotzen da eta ez dute irtenbiderik aurkitzen. Ondorioak dramatikoak izango dira, eta hori guztia emandako pausu bakoitzarekin urruntzen diren ametsak lortzeagatik. 

Zuzendariak egindako aukera formalak zorabiatu egiten dute, baina pelikularen testuinguruan logikoak dira, pertsonaiek bizitzako egoera eta sentitzen duten ezinegonaren osagarri direlako. Drogek eurengan eragiten dituzten efektuak kamara azkarrarekin, mugimenduekin eta desitxuratako irudiekin islatzen ditu zuzendariak. Muntaketa azkarra eraginkorra den arren, pixka bat errepikakorra iruditu zait batzuetan. Ikuspegi bat baino gehiago aldi berean erakusteko pantaila zatitzea ez dago gaizki kasu honetan, baina normalean gehiegi konbentzitzen ez nauen aukera da.

Soinu banda ospetsuari buruz ez dago ezer berri esan behar, ikaragarria da Clint Mansellen konposaketa. Aktoreen lana oso ona iruditu zait, batez ere Ellen Burstynen lana. Burstynek Oscar sarietarako izendapena lortu zuen, baina Julia Robertsek irabazi zuen urte horretan ('Erin Brockovich' pelikulagatik).


'Requiem for a dream' irudi ikaragarriak erakusten dituen pelikula da; beldurra, drama eta muturrekoa iruditu zaidan klimaxa du. Ametsak izateagatik Darren Aranofskyk bere pertsonaiak zigortzea erabaki duela dirudi. Irteera gero eta urrunago dago, pertsonaien helburu bakarra euren ametsak lortzeko euren esku zegoen guztia egitea zen, behin amets horiek desagertuta, ezer gabe gelditzen dira, galduta, bakarrik. Azkenean, Harryren amets bat gogoratzen dugu, non Marion gorriz jantzita Harryren zain ikusten dugun. Marion amets horretatik desagertzen da. Ametsak hil dira. Egindako sakrifizioak ez dute ezertarako balio izan. Itzela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario