13/1/14

'August: Osage County' (2013)


Weston familiaren sekretuak

Hipokresia, irainak, min egiten duten egiak, sekretuak, gezurrak, mespretxua… ‘August: Osage County’ pelikularen trailerra ikusita familia gatazkei buruzko komedia atsegin baten aurrean gaudela dirudi, baina errealitatetik ezin urrunago egon, pelikula komediara baino dramara gehiago hurbiltzen delako. Are gehiago, erakusten duen egoera deprimitzekoa izan daiteke. ‘August: Osage County’ Tracy Lettsek idatzitako antzezlanean oinarritutako pelikula da. Kasu honetan, Letts bera arduratu da bere testuaren moldaketa zinematografikoaz.

Weston familia, itxuran, nahiko familia arrunta da. Aita (Sam Shepard) desagertu egin da; hori dela eta, familiaren kide guztiak elkartuko dira. Bilera horretan, hasieran erakutsitako errespetua eta politikoki zuzena den hori alde batera uzten joango dira, etengabeko irain trukaketari bide emanez.


‘August: Osage County’ pelikulan komedia eta ironia dago, baina baita gorroto asko ere. Abuztua da, tenperatura altuek eta eztabaidek familiaren etxea “piztu” eta infernu bat bihurtuko dute. Pelikularen pertsonaia guztiek kolperen bat jaso dute, osasun arrazoiengatik ala arrazoi sentimentalengatik. Baina oraindik kolpe mingarriena erortzear dago: egia.

Zuzendariaren lana nahiko arrunta da, artifiziorik gabekoa, arriskatu gabe. Pelikularen indarra gidoian eta aktore taldearen lanean topatzen dugu (aurpegi ezagun ugari dituen aktore talde paregabea). Pelikulak gainera Julia Roberts eta Meryl Streepen arteko “ego” borroka eskaintzen digu. Izaera sendoa duten bi emakume.

Pelikulak jatorrizko obraren izaera teatrala mantentzen du (onera ala txarrerako). Elkarrizketa luzeak dira nagusi eta ia lokalizazio bakarrean oinarritzen dela kontan hartuz, espazioaren erabilpen egokia ikus dezakegu ere. Gero, eszena onenetako bat (ala onena) aipatzea merezi du: familia afariaren eszena. Pertsonaia oro mahai baten inguruan eserita. Modu zorrotzean idatzitako eszena eta modu sinplean grabatutakoa, “mala letxe” eta umorez betetako esaldiekin. Komediatik dramara doan eszena. Pixkanaka eszena honetan sekretuak argira aterako dira. Melodrama-“kulebroi” honek indar izugarria lortzen du hemendik aurrera. Amaiera zoriontsuarentzat tokirik egongo ez dela dirudi.

‘August: Osage County’ sari banaketa garrantzitsuenetan izendapen ugari izateko osagai nahikoak biltzen dituen pelikula da, baina John Wellsek zuzendutako pelikulak “lasterketan” indarra galtzen joan da. Hala ere, bigarren mailako zerbait dela uste dut.

Nor da nor Weston familian?

Familia harremanetan oinarritzen den pelikula dela kontuan izanda, familia “bitxi” honen pertsonaia garrantzitsuenei begirada bat botatzea merezi duela uste dut:


Beverly Weston (Sam Shepard), aita: idazle eta alkoholikoa. Egoera gehiago ezin duela jasan dirudi, nekatuta dago. Emaztearekin maitasun-gorroto moduko erlazio bat du.

Violet Weston (Meryl Streep), ama: aho minbizia du (aukera bitxia idazlearen partetik). Jasangaitza da, histerikoa, lotsagabea,  gehiegizkoa, berari gertatzen zaion guztiaren errua ingurukoei leporatzen die. Lasaigarriak hartzen ditu etengabe, eta asko erretzen du. Desesperatuta, desengainatua… ia zoro. Itzela Meryl Streep.

Alabak: Karen (Juliette Lewis), “zoroena”, gazteena eta arduragabetsuena, pozik bizi dela dirudi, etengabe makillatuta, gona motzak darama beti… Gero, Ivy (Julianne Nicholson) dugu; alaba isil, lotsati eta bakartiena. Nahiko zalantzagarria den erlazio bat sekretuan mantentzen du. Baina bere zoriontasunak sekulako kolpea jasoko du, gainditzeko zaila izango dena. Azkenik Barbara (Julia Roberts) dugu.  Faboritoa. Amaren antza gehien duen pertsonaia dela esan daiteke, izaerari dagokionez. Emakume gogorra, ez die eztabaidei ezta irainei beldur. Ez naiz Julia Robertsen jarraitzaile sutsua, baina oraingoan asko gustatu zait bere lana.


Bigarren baila batean Mattie Fae Aiken (Margo Martindale) dugu, Violenten ahizpa. Itxuran Violet baino alaiagoa den emakumea, errealitatean errudun sentimendu ikaragarria duen emakume bat da. Semearekin zerikusia duen sekretu bat gordetzen du; hori dela eta jasaten duen desesperazioa bere semearekin ordaintzen du, mespretxatuz. Senarra, Charlie Aiken (Chris Cooper), guztien artean zuzenena da, atsegin eta lasaiena. Zirkulua ixteko Charlie “semea” (Benedict Cumberbatch) dugu. Pertsonaia guztien artean traketsena eta agian “maitagarriena”. Baztertuta sentitzen da. Bere amarentzat “tentel” bat baino ez da.

Beno, pelikularen pertsonaia interesgarriak direla kontuan hartuta, pelikula hasieratik eta amaiera arte entretenigarria iruditu zait. Erritmo bizia duen pelikula da, harrapatzen zaitu guztiz. Pertsonaia ugari bai, baino nahiko ongi definitutakoak. Guztiek zeozer dute esateko, nahiz eta paper txikia izan. Ez nuen gehiegi espero, baina sorpresa on bat izan da.


No hay comentarios:

Publicar un comentario