20/1/14

'The wolf of Wall Street' (2013)



 Sexua, drogak, arrakasta eta Wall Street

Martin Scorseseren azken pelikula energiaz eta gehiegikeriaz beteta dago. Zalantzagarria den negozio forma baten inguruan idatzitako komedia beltza dugu hau. ‘The Wolf of Wall Street’ Jordan Belfort broker-rak idatzitako biografia hartzen du oinarri bezala, egun batetik bestera akzioen salerosketetatik lortutako komisioei esker dirutza izugarria lortu zuen gaztearen istorioa. Noski, egiten ari zena hori legala ote zen? Bistan denez, ez.

Jordan Belfortek (baliteke hau Leonardo DiCapriok egindako lan ausartena izatea), argi uzten du amets amerikarra delakoa lortzeko zenbait gauza alde batera utzi behar direla, horien artean lehena: morala. Esan bezala, protagonista gehiegikeriaz inguratuta dago: nahi beste kokaina, alkohol eta dirua (diru asko). Azken hau egungo gizartearen “droga” adiktibo eta preziatuena izanik.



Belfortek dirutza ikaragarria biltzen hasten da Mark Hannaren (Matthew McConaughey), bere nagusia izandakoaren, aholkuak praktikan jarriz. Belfortek hitz-jario bikaina du, karisma eta inguruak konbentzitzeko erraztasunaz aparte. Diskurtso perfektua sortu du bere amets amerikarra egia bihurtzeko. Lortutako arrakasta dela eta “Wall Streeteko otsoa” ezizena jarriko diote, bere onurarako “lapurtzen” duen Robin Hooda. Belfortek aberatsak zein pobreak engainatzen ditu, soilik etekinetan pentsatzen du. Egiten duen horretan ona da, oso. FBIa bere atzetik dabil, “otsoa” harrapatzeko akats baten zain. Belfortek lortu nahi zuen dirutza baino askoz gehiago duenean… zergatik ez da konformatzen? Zergatik lortu duen guztia galtzera arriskatu?

‘The wolf of Wall Street’ pelikularen egitura ‘Goodgellas’ pelikularen parekoa da, Scorseseren lan handienetako bat. Bi pelikulen estruktura narratiboak patroi berbera jarraitzen du, eta pertsonaia nagusien garapen eta erabakiak pareko xamarrak dira. Jordan Belfort Wall Streeteko Henry Hill izango da. Biek suarekin jolasten dute, erre arte. Gorrotoa eta sinpatiaren arteko mugan kokatzen diren bi pertsonaia dira.
Protagonistak bere tirabirak off ahotsean kontatzen dizkigu, fikzioa eta ikuslea banatzen dituen laugarren horma apurtuz. Kasu honetan off ahotsak pelikulari erritmoa ematen dio, baina badira zenbait momentu non erredundanteegia den. Soinu banda beti dago presente, eta abestien aukeraketa nahiko bitxia iruditu zait, eraginkorra komikotasuna zenbait uneetan gaineratuz.


‘The wolf of Wall Street’ hiru bloketan bana dezakegu: igoera, gehiegikeria eta jaitsiera (?). Barre-algarak egiten duen eszenak ditugu. Dicaprio izkutatuta zuen alde komikoa agerian uzten du pelikula honetan. Horren adibide, kotxearen eta telefono deiaren eszena dugu, itzela.

Gero, badira zenbait eszena non akzioa eteten den, hau da batzuetan pelikula bere gehiegikerietan galtzen dela dirudi, erritmoa motelduz. Pelikulak hiru orduko iraupena du, baina hori Martin Scorseseren filmografian adierazgarrietako bat da.

Komedia ugari dago, baita drama apur bat ere. Pelikularen amaieran, Belfortek aurrera egitea lortu du ala irtenbiderik gabeko zirkulu batean sartuta dago?

Jordan Belforten diskurtso kartsua kutsagarria da. Bezero askori gertatzen zaien bezala, ez da beharrezkoa burtsaren inguruan gehiegi jakitea edo aditu bat izatea, protagonistak berak esaten digu: merkatuan gertatzen den hori ulertzea bigarren mailako zerbait da. Azken finean, ‘The wolf of Wall Street’ek erakusten duenez iruzurra, fraudea… onartzea, horregatik zigortua izatea, ala lege eta printzipio moral ororen gainetik egotea pentsatzeak ez du axola. Arrakastaren aurrean, moralak ez du tokirik. Argi geratzen da gainera “ongiaren” taldean egoteak ez duela ez arrakastarik ekartzen (FBIko agentearen azken planoa tristea da); baina maltzurren taldean jokatzeak aldiz, saria izango du.


Scorsesek guztira Oscar sarietarako 5 izendapen lortu ditu: pelikula, zuzendaritza, aktore, bigarren mailako aktore eta moldatutako gidoiaren kategorietan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario