3/2/14

'Captain Phillips' (2013)


Kapitainen arteko duelua

Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz

2009ko benetan gertatutako bahiketa oinarritzat hartuta, ‘Captain Phillips’ pelikulak Maersk Alabama izeneko karga-ontzi estatubatuarraren bahiketa kontatzen du. Horretan, pirata somaliar talde txiki batek ontzia abordatu eta Richard Phillips (Tom Hanks) kapitaina bahitu zuen, kapitainaren truke 10 milioi dolarreko erreskatea eskatuz.

Greengrassek kamera gainean “jantzita”, tentsio handiko zenbait une dituen abentura pelikula ona egin du. Kameraren etengabeko mugimenduak beti alde onak eta alde txarrak ditu: batetik hurbiltasun eta urduritasun sentsazio bat sortarazten du, pelikulari ukitu dokumental bat gaineratuz. Kontra, etengabeko mugimendu horrek zuzendariaren eskua agerian uzteaz aparte, nahasmen sentsazio bat sor dezake zenbait eszenetan.
Kasu honetan, “mugimendu” horrek Tom Hanksen itxurazko lasaitasunarekin talka egiten du. Hanks beldurra, segurtasuna zein lasaitasuna erakutsi dezake hitzen eta gehiegizko keinurik egin gabe. Phillips kapitaina beti firme ageri da, egoera kontrolpean mantentzen saiatuz. Kapitain bezala, bere tripulazioa babesteko edozer egiteko prest egongo da.



Greengrassen pelikularen elementu aipagarrienen artean muntaketa, abordaje eszenetan lortzen duen tentsio atmosfera eta Tom Hanks eta Barlchad Abdi aktoreen arteko duelu interpretatiboa ditugu. Bi aktoreen lana oso ona iruditu zait. Egoerak ez du inoiz kapitainaren borrokatzeko gogoa gainditzen; are gehiago, bere jarrera bahitzaileekiko hurbila da, laguntza eskaintzen die adibidez zauriak zaintzeko. Abdik Muse pirataren papera interpretatzen du. Muse baita segurtasun handiko pirata dela dirudi, beldurrik ez duen gizon bat. Baina badira zalantzagarri ageri den zenbait une. Kartzelatuta dagoela dirudi, hau da, nagusien aginduak bete behar ditu. Aurreko bahiketa batean sei milioiko erreskatea lortu bazuen ere, diru mordo horretatik zentaborik ikusi ez duela jaso pentsa dezakegu.

Bestetik, ‘Captain Phillips’ pelikulak akzioa, abentura eta drama nahasten ditu; baina nire ustez ez du generoen arteko oreka bat lortzen. Hau da, akzio eszena ikusgarriek drama bigarren plano batean uzten dute (azkeneko partean izan ezik). Kapitainen arteko duelua, aurrez aurre, interes eta indar dramatiko nahikoa du emaitza interesgarriagoak lortzeko. Adibidez, pertsonaien egoera pertsonalean eta euren motibazioetan gehiago sakonduz, batez ere pirataren kasuan. Zentsu horretan, Greengrass gainazalean geratzen da.


Pelikula estreinatu zenean Maersk Alabama ontziko tripulazioak filma kritikatu omen zuten, Richard Phillipsen irudia errealitatearekin guztiz bat egiten ez duelako. ‘Captain Phillips’ pelikula entretenigarria da, bizpahiru tentsio egoera dituena, nahiko ondo zuzendutakoak; baita soinu eta edizio lana ona iruditu zait. Pertsonaien motibazioen inguruan apur bat gehiago sakondu izan balu, hobe. Pelikulak Oscar sarietarako sei izendapen ditu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario